|
|
|
Faktura elektronikoa gero eta gehiago eskatzen da Administrazio Publikoekiko, bezeroekiko eta hornitzaileekiko harremanetan, eta laster derrigorrez erabili beharrekoa izango da. Horrelako fakturen ezaugarrietako bat paperik ez behar izatea da; hortaz, tinta, papera eta ohiko bidalketen gastuak aurrezten dira.
Funtsean, fakturazio elektronikoa eginez gero, igorleak bide elektronikoak (fitxategi informatikoak) edo telematikoak (ordenagailu batetik bestera) erabiliz bidaltzen dio faktura jasotzaileari. Faktura horiek, jakina, paperean egindakoek adinako legezko balioa dute.
Nork egin dezake faktura elektronikoa?
Fakturak egitera behartuta dagoen edozein erakunde fisikok edo juridikok erabaki dezake fakturazio elektronikoa egitea. Faktura elektronikoak egiteko sistemak, beraz, ez dira konpainia handien berezko eremua soilik; aitzitik, enpresa txikiek eta autonomoek ere erabili ditzakete.
Fakturazio-prozesua garrantzi handikoa da edozein enpresarentzat. Paperezko dokumentuetan oinarritutako harremana da eta, dokumentu horiek guztiak sortu eta lantzeko, baliabide ugari erabili behar dira. Gainera, enpresetan lan asko eskuz egin behar da horretarako. Dokumentu horien bidez burutu beharreko prozesu administratibo egokia izanez gero, salerosketak ondo kontrolatzeaz gain, zerga-beharrak ere zuzen beteko ditu enpresak. Hala ere, hori guztia zailago gertatzen da, eskuz erabili beharreko hainbat paper egonez gero.
Nolanahi ere, fakturazio elektronikoari esker, prozesua aldatzen ari da. Fakturazio elektronikoa 2001/115 Zuzentarauaren transposizioa da eta Ogasunek eta Zerga Agentziek araututa dago.
Hori argituta, faktura elektronikoa zer den azaldu dezakegu: formatu elektronikoan baliabide informatikoak erabiliz egindako zerga-agiria da, paperean egindako dokumentu fisikoa ordezkatzen du, baina legezko balioari eusten dio eta paperezko fakturak baino segurtasun-neurri handiagoak ditu.
Nola funtzionatzen du faktura electronikoak?
Oro har, fakturazio elektronikoaren prozesuan, oinarrizko bi urrats bereizten dira, bi aldeei dagozkienak: bata fakturaren igorleari eta bestea hartzaileari.
1. Igorleak, hartzailearekin elkar hartuta, Faktura Elektronikoa (sinadura elektronikoa erantsita) helaraziko dio bide telematiko bat erabiliz (gehienetan posta elektronikoa), eta Kopia edo Matrizea (Datu Basea) gorde egingo du. Ez da beharrezkoa sinatutako dokumentuak gordetzea.
2. Hartzaileak faktura formatu digitalean jaso eta euskarri informatikoan gordeko du, jasotako formatu berean. Horrela, kontsultatu eta, behar izanez gero, inprimatu ahal izango du. Sinadura elektronikoa duen dokumentua izanik, sinadura elektronikoa baliozkoa dela egiaztatzeko informazioa ere gorde behar du.
Horrela, faktura inprimatzea ez da jada ezinbestekoa, lege eta zergei lotutako eginkizunetarako baliagarri izateko. Eta fakturaren tratamendu guztia (landu, bidali eta gordetzea) igorleak sortutako fitxategi elektronikoaren gainean egin daiteke zuzen-zuzenean.
Zer da sinadura elektronikoa?
Dokumentu elektronikoak digitalki "markatzeko" modua da. Hala, papera erabili gabe, dokumentua egiazkoa dela eta inork ez duela aldatu bermatu dezakegu. Zehazki, dokumentua nork sinatu duen eta inork ez duela aldatu egiaztatzen du sinadura elektronikoak. Horrez gain, dokumentua noiz sinatu, igorri eta jaso den ere adierazten du, eta tramite guztiak automatikoki burutzeko aukera ematen du.
Nola egin behar ditut fakturak?
Faktura elektronikoak egiteko edozein formatu onartzen da (doc, xml, pdf, html, txt, etab.), edozein fakturari eskatutako legezko edukia jasotzekotan (izena, IFK, zenbatekoa, etab.) eta aurretik azaldutako baldintzak betetzekotan.
Formaturik egokiena enpresa motaren eta, batez ere, igorritako faktura kopuruaren arabera aukeratu beharra dago. Orientazio gisa, enpresa motaren arabera, aukerarik gomendagarrienak honako hauek dira:
AUTONOMOA/ENPRESA TXIKIA: Tresna ofimatiko arruntak (word, excel, PDF, etab.) edo fakturak sinatzeko aukera ematen duten kudeaketa-tresnak erabiliz sortu eta sinaturiko fakturak.
ENPRESA ERTAINA: Enpresaren neurrira egokitutako softwarea, fakturak sinatzeko aukera ematen duten kudeaketa-tresnak jasotzen dituena.
Faktura elektronikoaren abantailak, onurak eta aurrezpenak
Faktura elektronikoak onura handiak eskaintzen dizkie erabiltzen dituzten enpresei, bai igorlearen aldetik baita hartzailearen ikuspegitik ere. Fakturazio elektronikoa erabiltzeko arrazoi asko daude: besteak beste, arrazoi ekonomikoak eta arrazoi ekologikoak.
Onartu ohi diren abantailen artean, funtsezko lau hauek azpimarratu daitezke:
- Kostuak aurreztea: azterlan batzuen arabera, faktura elektronikoa erabilita 0,75 euro eta euro bat bitartean aurrezten da faktura bakoitzeko (inprimatzea, biltzea, bidaltzea...).
- Arintasuna: bide elektronikoak erabilita, fakturak kudeatzeko denbora nabarmen laburtu daiteke.
- Kudeaketa erraztea: fakturak artxibatzea, kontabilizatzea eta biltzea ikaragarri errazten da.
- Segurtasuna: ziurtagiri digitalek osotasunaren eta igorlearen egiazkotasunaren bermea ematen dizkiete fakturei.
Informazio gehiago lortzeko http://www.facturae.es/
Jaitsi Manual de factura electrónica (Ministerio de Industria, Comercio y Turismo).
„ Joan hasiera
|
|
|
|