|
ZER DA?
AMIA analisia gehien erabiltzen den tresna estrategikoa da, nahiz eta sarri askotan intuizioz erabili eta haren izen teknikoa ez ezagutu. Tresna horri esker, enpresaren egoera erreala eta merkatuak aurkeztutako arriskuak eta aukerak ezagutu ditzakegu. AMIA analisiaren helburua hau da: jarduerarekin zerikusia duten alderdi guztiek enpresaren helburuak betetzeko eragin handiagoa edo txikiagoa izan lezaketen ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak ezagutzea.
AMIA izena haren sigletatik dator:
-
Ahuleziak, edo puntu ahulak: enpresaren berezko alderdiak dira, haren estrategiak eta ekintzak aurrera eramateko gaitasuna mugatzen edo murrizten dutenak. Oztopoak dira enpresarentzat eta, hortaz, kontrolatu eta gainditu beharrekoak.
-
Mehatxuak: inguruneko indarrak dira eta ondorengo eraginak izan litzakete: enpresaren estrategia ezartzea galarazi, estrategiaren eraginkortasuna murriztu, arriskuak areagotu, indarrean jartzeko baliabide gehiagoren beharra izan edo esperotako diru-sarrerak edo errentagarritasuna gutxitzea.
-
Indarrak, edo puntu indartsuak: enpresak lortutako gaitasunak, bitartekoak edo posizioak dira, lehiatzeko abantailak beraz, eta ondorioz, enpresaren aukerak aprobetxatzeko balio dezakete eta erabili beharrekoak dira.
-
Aukerak: enpresari lehiatzeko abantaila, errentagarritasuna hobetzeko posibilitatea edo negozio-kopurua handitzeko aukera ekarri liezaiokeen guztia da.
NOLA EGITEN DA?
Informazio guztia laburpen-taula batean ageri da. Bertan, enpresaren puntu indartsuak eta ahulak (lehiatzeko abantailak sortu eta eusteko gaitasuna) kanpoko mehatxu eta aukerekin alderatzen dira. Jarraitu beharreko arrazoibide logikoa ondorengoa da: enpresak ondo egokitu behar ditu bere gaitasuna eta baliabideak merkatuan lehiatzeko eta lehiakideen aurrean dituen posizioetara.
Ahuleziak eta indarrak enpresaren barne-eremukoak dira eta baliabideen eta gaitasunen analisia egitean azaleratzen dira. Analisiak hainbat faktore hartu behar ditu barne, hala nola zerbitzu-ematea, merkaturatutako produktua, antolamendu komertziala, marketinga, finantzaketa…
Barne-indarrak eta -ahuleziak garrantzi handikoak dira. Izan ere, enpresak negozio jakin baten inguruan duen posizioa ulertzen lagundu dezakete. Beraz, lehenengo urratsa gure enpresaren inguruko lehiaren giroa aztertzea da. Enpresa bakoitzak erabaki behar du zein faktore erabili behar dituen xede dituen merkatuetara eta bezeroengana iristeko.
Mehatxuak eta aukerak, berriz, enpresaren kanpo-eremukoak dira beti. Enpresaren eginkizuna mehatxuak gainditu eta aukerak aprobetxatzea da, batzuei eta besteei aurrea hartuz. Zeregin horretan garrantzi handikoa da erakundearen malgutasuna eta dinamismoa. Alderdi horiek zerikusia dute merkatuaren egoerarekin eta ezaugarriekin, lehiakideekin, egoera ekonomikoarekin…
AMIA
AHULEZIAK – MEHATXUAK – INDARRAK – AUKERAK
BARNE ANALISIA - KANPO ANALISIA
Egoerarik desiragarriena hauxe izango litzateke: ahalik eta mehatxu eta ahuleziarik gutxien eta aukera eta indarrik gehien izatea.
Enpresak, behin mehatxu eta ahuleziak identifikatuta, mugatu egin behar ditu, haien eragin kaltegarria (baldin badago) minimizatzeko, edo bestela, zuzendu eta indartu behar ditu alderdi horiek, aukera eta indar bihurtzeko.
Aukerak eta indarrak, berriz, zaindu, eutsi eta erabili egin behar ditu beti enpresak.
Enpresak bere ahuleziak, indarrak, mehatxuak eta aukerak zein alorretan bilatu behar dituen azaltzen da ondorengo eskeman:
AMIA
BARNE ANALISIA:
GIZA BALIABIDEAK – ESTRATEGIA – FINANTZA BALIABIDEAK – KOSTUAK/MARJINAK – EKIPOAK ETA INSTALAZIOAK – ZERBITZUAREN EZAUGARRIAK
KANPO ANALISIA:
HORNITZAILEAK/BEZEROAK – SEKTOREKO LEHIAKIDEAK – EGOERA MAKROEKONOMIKOA – MERKATUAREN EGOERA – LEGEZKO ESKAKIZUNAK
Jarraian, AMIA analisi baten adibidea azalduko dugu. Errepide bidezko garraio-enpresa bati dagokio.
AHULEZIAK: Finantza-baliabideen eskuragarritasuna – Kostu unitario handiak – Azpikontratatutako pertsonalaren errotazio handia – Teknologia-maila apala – Banatzeko ibilgailuen azpikontratazio handia – Giza baliabideekiko mendekotasun handia – Enpresaren tamaina txikia – Marka-kontzeptua ez bultzatzea - …
MEHATXUAK: Arau-normalizaziorik eza – Lehiakide berriak – Kontzentrazio-politikak – Farmazia-sektorearen araudi zorrotza – Inbertitzeko gaitasun mugatua – Azpiegituren saturazioa – Merkatuko prezioak merkatzea – Garraioaren liberalizazioa - …
INDARRAK: Aldaketara egokitzea – Instalazioen dimentsioak – Pertsonalaren esperientzia trafikoa kudeatzen – Errepiderako ibilgailu berriak – Azken urteotako hazkundea – Industriaren joera berrietara egokitzea – Prezio eta entrega-epe lehiakorrak - Produktu berezien garraioan know-howa – estaldura nazionala - …
AUKERAK: Espezializazio-irudia – Entrega-epe laburrak – Erreferentzia historiko onak – Bezeroen gogobetetasuna - Teknologia eraginkorragok erabiltzea – Kostu hobeak eskala-ekonomiei esker – Intermodaltasuna – Ingurumen-hobekuntzak – Bestelako garraiobideen kalitate eskasa – Merkatuak irekitzea - …
KONKLUSIOAK
Enpresa guztiek egin behar al lukete AMIA analisia? Erantzuna analisia bera bezain erraza da: bai. Enpresa guztiek, handiek, ertainek zein txikiek, baliatu behar lukete AMIA tresna. Izan ere, analisi horretatik ateratako konklusioak lagungarri dira enpresak bere helburuak finkatu eta estrategiak garatzeko, alde batetik, aukerak eta indarrak kapitalizatuz, eta bestetik, mehatxuak eta ahuleziak zuzenduz.
AMIA funtsezkoa da enpresaren egungo egoera ezagutzeko. Kontuan izan behar dugu ezinezkoa dela etorkizunari ziurtasunez aurre egitea, egungo egoera aintzat hartzeke. Enpresak bere burua ezagutzeko bidea da AMIA. Hala, enpresa batek proiekturen bat aurrera eraman bahi badu (produktu berria garatu, prezio-politika aldatu, banaketa-bide berria ireki, komunikazio-kanpaina egin, etab.), analisi honi esker, behintzat, nondik nora jo edo zeri eman lehentasuna jakingo du.
Eta nondik nora jo behar duten jakitea ezinbestekoa da konpainia guztientzat, areago haien egitura txikia dela-eta bitarteko mugatuak dituztenentzat. Hau da, horrelako analisiak oso garrantzitsuak izan daitezke ETEentzat.
Enpresa txiki eta ertainek baldin badakite lehiakideen aurrean zer posizio duten, noraino iritsi daitezkeen edo zer arazo duten produktu bat saltzeko orduan, orduan bere esku dagoen guztia egingo du bere ahuleziak arindu eta aukerak baliatzeko, baliabiderik ez duela galduko bermatuz.
|