Marketin Plana erabilgarria bezain gutxi erabilia da enpresa txiki eta ertainetan. Hala, enpresari txiki bati galdetzen zaionean marketin planik ote daukan, erantzunak hauek izan ohi ditu: “ez daukat dirurik gastatzeko” edo “nik ez dut publizitaterik egiten”.
Baina, ba al dakigu, benetan, zertarako den eta nola egiten den?
zer den marketin plana?
Marketin planak gauza konplexuaren itxura badu ere, enpresa handien zeregina dirudien arren, gure enpresaren eta jarduerak duen sektorearen analisia besterik ez da, eta hurrengo urtean merkatuan egingo duguna planifikatzea. Guztiz tresna eragilea dugu, bada, eta praktikara zuzendutakoa, urtero egiten dena.
Ikusten dugu, hortaz, marketin planak bi urrats edo etapa bereizten dituela:
1. Egoeraren diagnostikoa
2. Egin beharreko lanak
Zertarako da marketin plana?
Emaitzak lortzeko oztopoetako bat da: enpresari guztiek pentsatzen dutela hartan era batera edo bestera, baina gutxi direla hausnarketak idatziz jartzen dituztenak. Marketin plana, nahiz eta “etxeko eran” egin, landu egin behar da eta idatziz jarri. Idazteak ulertzen laguntzen du, egitera bultzatzen du eta ondorengo kontrolean konpromisoa eskatzen du.
Hori esanik, baiezta daiteke oro har marketin planak balio duela:
1. Neure negozioa nola dagoen jakiteko.
2. Ezagutzeko nola dauden neure merkatua, neure bezeroak, neure banatzaileak, neure <<ez bezeroak>>.
3. AMIA analisi bat edukitzeko..
4. Jakiteko zer egin behar dudan neure alde sendoak indartzeko eta ahuldadeak kentzeko.
5. Aurrekontuaren kontrol egoki bat egiteko.
6. Lana antolatzeko enpresako arlo ezberdinetan.
7. Egin beharreko lanetan lehentasunak markatzeko.
Nola egiten da marketin plana?
Marketin plan bat egiteak ahalegina eta denbora eskatzen du, baina merezi du hartan jardutea. Eta nahiz eta marketin plana ez ibili guztiz aurreikusi bezala, egindako analisiak, alde sendo eta ahulak adierazten dituen analisiak, aukera ematen du hobeto eta azkarrago erantzuteko sortzen den edozein ezustekoren aurrean.
Honako urrats hauek dira:
1. Barneko Analisia: Enpresa barruko egoera adierazten du: pertsonala, prozedurak, produktu edo zerbitzuak, salmenta bideak…
Hemen hasiko gara zehaztuz zein produktu edo zerbitzu egin edo ematen ditugun eta zer saltzen dugun eta nori eta nola saltzen diogun.
Informazio honek jadanik negozio planean jasota egon behar du eta guztiaren oinarria da: zer egiten dugun eta zeinentzat egiten dugun jakitea.
2. Kanpoko Analisia: merkatu mailan egoera zein den adierazten du. Aztertzen ditu: kontsumo ohiturak eta joerak, noratzeak, konpetentzia, saltzeko bideak…
Ondoren, aztertuko dugu zeintzuk diren eragilerik nabarmenenak gure eteren (pyme) baldintza orokorren baitan: eskariaren joera (haziz doa, ez doa? Nork egiten du erosketa, nola, noiz, eta abar?, gure bezeroen eragile sozial eta kulturalak, publiko objektiboaren demografia, baldintza ekonomikoak eta jarduteko eremu geografikoa, legeak, araudiak eta politika, gure etean eragin dezaketenak.
Gero, lehiatzaile ditugun ete edo autonomoak aztertu behar ditugu, haien produktuak, haien alde sendoak eta ahulak, haien estrategia eta abar.
Beharrezkoa bada, joan ikustera, nola lan egiten duten ikustera, positiboa edo negatiboa iruditzen zaizun guztia apuntatzera, gerta daiteke alde positiboetako batzuk zeure negozioan sartu nahi izatea, eta negatiboetako batzuk saihestu nahi izatea.
Lehiatzaileak aztertzea gakoa da merkatua eta gure negozioa aztertzerakoan.
3. AMIA: Aurreko pausuen laburpen bat da eta enpresaren alde sendoak eta ahulak jasotzen ditu, bai eta aukerak eta mehatxuak ere. Marketin planeko elementu gakoa da, aukera ematen baitigu gure lehiatzeko ahalmena neurtzeko, eta hausnartzeko segi beharreko bideaz eta iritsi beharreko helburuez. (AMIA: ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak).
Gure lehiatzaileak aztertu ditugun bezala, geure ete edo negozioa ere aztertu behar dugu: gure baliabideak, estrategia orokorra, alde sendo eta ahulak, eta abar.
Zintzoak izan beharra dago ahuleziak aztertzerakoan, gero lehiatzaileei ezkutatzeko eta ahal bezain azkar hobetzeko, eta sendotasunak, egiten den gauza orotan erabiltzeko (publizitatea barne).
4. Helburuak jartzea: lehiatzeko gure posizioa aztertu ostean, helburu zehatz batzuk jarri beharko dira, eskuragarriak direnak.
Horretarako gure etearen merkatu segmentua ahal bezain ongi ezagutu behar da, publizitate jardunak egokiak izan daitezen. Horrek esan nahi du bezeroak ezagutzea, merkatuaren tamaina, faktore demografikoak, geografikoak eta abar.
Gogora dezagun marketin jarduna prestatzerakoan, bezeroen arabera egin behar dela guztiz eta ez alderantziz.
5. Jarduteko Plana: Martxan jarri beharreko egintzak jasotzen ditu eta jarritako helburuak iristeko behar diren egutegia, arduradunak eta aurrekontuak.
Lehendabizi estrategia asko pentsatu behar dira, bide ezberdinak bilatuz gure helburuetara iristeko, gero iristeko bide bakoitza aztertu behar da, eta azkenik bat hautatu eta xehetasunez landu behar da.
Marketin lanaren xehetasunak eman behar dira, prezioaren aldaketak edo ordainketa baldintzak, iragarkiak zehaztu, erabiliko diren medioak (aldizkariak, atariak, bilatzaileak, eta abar), inor kontratatuko den, bisitarik egingo den, mailing egingo den, eta abar. Aurreko puntuen ondorio zentzuzkoak izan behar dute, egintzek bat etorri behar baitute estrategia orokorrarekin.
Une oroz, guztia zuzen egiten dela begiratu behar da, oker dabilena zuzendu eta ondo dabilenari etekin hobea atera.
Marketin plana ez da filosofia hutsa: zenbaki eta emaitza konkretuak jarri behar dira. Hala, planifikazioa egiterakoan neur daitezkeen helburu batzuk jarri behar dira, beranduago ikusiko da zenbateraino bete diren. Helburu horiek iristeko behar diren egintzetarako behar adinako baliabideak eskuratu behar dira, baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak. Garrantzizkoa da baliabide hauek ezartzea marketin plana jasotzen duen dokumentuan.
Ba al dago gidarik neure marketin plana egiten lagunduko didanik?
Interneten eskuragarri dago hainbat baliabide, adibide eta gida, marketin plan bat nola egin ikasteko. Bada sowfarea, merke edo doan, adibidez ZEN Marketing ( http://www.plandemarketing.info/pages/descargar-version-free-de-zen-marketing.php ). Ondoren esaten dizugun loturetan eskura ditzakezu dokumentu batzuk, marketin plana egiten lagunduko dizutenak: